Elhuyar Fundazioa
Ingalaterrako Charlton-en (Hertfordshire-n) munduratu zen 1813.eko urtarrilaren 19an. Aitak tipografiarako karaktereak egiten zituen eta Henry gaztea ere laster hasi zen lanean, aparatu berriak prestatzeko erraztasun handia erakutsiz. Idaztiei zigilua jartzeko sistema berria asmatu zuen eta gobernu britainiarrak berehala hartu zion ezer ordaindu gabe. Hori zela eta, geroztik bere asmakuntzak kontu handiz ipini zituen patentepean.
1850.eko hamarkadaren hasieran, ingelesak frantsesekin elkarturik Krimean errusiarren kontra ari ziren. Bessemerrek orduan, kanoientzat proiektil berri eta hobea asmatu nahi zuen, tiramen handiagoa eduki eta zehatzagoak izan zitezen.
Ingalaterrako Gerra Ministraritzak proiektuari jaramonik egin ez zioenez gero, Frantziako gobernuari eskaini zizkion bere lanak. Napoleon III.ak lagundu zion bere saiakuntzak egin zitzan. Kontua, proiektila kanoitik irtendakoan aldi berean biratuz joatea zen. Horretarako proiektilak kanoi barruan oso ongi doituta egon behar zuen, bestela bolborak eztanda egindakoan gasak indarra galduz aterako ziren kanpora. Kanoi barruan presio handiagoa egongo zen, beraz, eta aditu frantziarrek ironiaz ziotenez, eztanda egindakoan kanoia lehertu eta etsaia hil beharrean bertakoak hilko ziren.
Bessemerrek ontzat hartu zuen kritika hura eta tiramen handiko kanoientzat erresistentzia handiko burdinaren bila hasi zen. Altzairua izan zitekeen material egokia, baina garai hartan oso garestia zen (ia urrearen pareko).
Galdategietatik ateratzen zena burdinurtua zen; karbono-portzentaia handikoa, oso gogorra eta hauskorra. Karbono-kantitatea jaitsiarazi egin behar zitzaion, beraz. Karbonorik gabeko burdinari, burdina gozoari, forjatuz edozein forma eman ahal zitzaion xaflakorra zelako. Burdina gozoaren eta burdinurtuaren tarteko karbono-kantitateko altzairuak, gogortasuna eta zailtasuna zituen. Hura zen, beraz, kanoiak egiteko aproposa. Baina altzairu-mota hura lortzeko oztopo bat zegoen. Lehenbizi burdinurtua burdina gozo bihurtu behar zen eta gero behar zuen karbonoa erantsi behar zitzaion.
Bessemerrek bihurketa hura egiteko sistema egokia asmatu zuen. Ordurarteko sisteman, burdinurtua urtu eta burdin minerala neurtuta gehitzen zitzaion. Karbono-atomoak mineralaren oxigeno-atomoekin konbinatzen ziren eta gas gisa kanpora irteten zuten burdina gozoa lortuz.
Bessemerrek ordea, burdinurtuari minerala erantsi gabe oxigenoa emateko beste sistema bat asmatu zuen. Minerala sartu ordez, aire-korrontea sartuko zion, burdinurtu likidoak handik oxigenoa har zezan. Aireak urtutako masa hoztuko ote zuen beldur zen Bessemer, baina saiakuntza egin zuenean alderantziz gertatu zen. Aireko oxigenoak karbonoa erre egiten zuen eta bide batez masa berotu. Aire-korrontea une egokian moztuta, karbono-kantitate egokiko altzairua lortzen zen; lehen baino askoz ere merkeago lortu ere.
1856.ean eman zuen bere sistemaren berri, baina porrot egin zuen. Izan ere, bere saiakuntzetan fosfororik gabeko minerala erabili zuen Bessemerrek eta gero industrietan fosforodunarekin egin zituzten probak. Bessemerrek ordea, bazekien porrotaren zergatia eta dirua eskatuta bere fabrika eraiki zuen 1860.ean Sheffield-en.
Urte gutxian oso aberats egin zen eta 1879.ean Erret Sozietateko kide izendatu zuten. 1898.eko martxoaren 15ean hil zen Londresen.