Hendrik Antoon LORENTZ

Fisikari nederlandarra Arnhem herrian sortu zen 1853an. Gaztetatik ikerketarako eta zientzietarako etorria erakutsi zuen. Leidengo Unibertsitatean fisikan doktoratu zen eta bertara itzuli zen 1878an fisika teorikoa irakastera.

1875ean irakurri zuen bere tesi doktorala. Bertan Maxwell-ek 10 urte lehenago erradiazio elektromagnetikoei buruzko teoriak osatu eta hobetu egin zituen, materiaren teoria elektronikoa enuntzituz. Materia osatzen duten atomoek elektrizitate-karga dutela esan zuen eta bere teoria arrazoitzeko elektroien banakako jokabidea deskribatu egin zuen. Egia esaterako, Faraday eta Weberrek antzeko prozedurarik gertatzen zela aurreratu zuten, baina Lorentz izan zen teoria aurkezten lehena.

Teoria berri hori oinarritzat harturik, makina bat fenomeno aztertu ahal izan zituen Lorentzek. Horietako bat 1896az geroztik Zeeman efektuaz ezagutzen duguna da. Zeeman Lorentzen laguntzailea zen eta urte horretan eremu magnetiko bortitzean lerro espektralak zenbait osagaitan banatzen direla postulatu zuen. Aurkikuntza hori zela medio, 1902an Fisikako Nobel Saria eman zieten bi ikerlari nederlandarrei.

1890. urtetik aurrera Michelsonen esperimentuaren emaitza negatiboak azaltzeaz arduratu zen. Ikerketa horien ondorioz, elkarrekiko higidura zuzen eta uniformea duten bi sistemen arteko luzerak, masak eta denborak erlazionatu egin zituen. Geroztik, bere izena daraman transformazioaren legeaz ezagutzen da teoria hori. Garaiko zientzilari askoren iritziz, Lorentz oker zebilen eta ez zuten bere hipotesia aintzakotzat hartu. Einstein ez zen iritzi berekoa, ordea. Zehatz-mehatz aztertu zituen Lorentzek proposatutako formulak eta erlatibitatearen teoria biribiltzeko erabili zituen. Askoren iritziz, Lorentzen ekarpenik gabe nekez uler zitekeen Einsteinek garai horretan esandakoa.

Heriok Haarlem herrian aurkitu zuen Lorantz 1928an.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila