Hemiplegikoak berriro oinez hasteko teknika berria

Hemiplegia burmuineko infartu baten ondorioetako bat izan daiteke. Gorputzaren alde bat paralizatu egiten da eta, horregatik, oinez ibiltzeko gaitasuna galtzen da. Japoniako Hokkaido Unibertsitateko zientzialari-talde batek gaitasun hori berreskuratzeko metodo berri bat garatu du.

Asmatu duten sistema oso sinplea da. Gaixoak mugi dezakeen hankan, nerbio-bulkadak jasotzen dituen sentsorea ezartzen da. Era berean, paralizatutako hankan, sentsoreak bidalitako seinaleak jaso eta muskuluetara bidaltzen dituzten elektrodoak daude. Horrela, hanka osasuntsuak jasotzen dituen seinale berak heltzen dira hanka paralizatura eta hanka hori mugitzeko gaitasuna berreskura dezake gaixoak.

Diotenez, sistema berriarekin bi hanken arteko koordinazio hobea lortzen da eta gaixoarentzat abantailatsuagoa da, seinalea bidaltzeko ez duelako pentsatu behar.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila