Hegoak ziztu bizian mugitzeko, miosina malguki

Intsektuek hegoak hain azkar nola mugitzen dituzten argitu dute Illinois-ko Teknologia Institutuan (AEB) ikertzaile batzuek. Ikusi dutenez, miosina eta aktina proteinetan dago erantzuna, miosinan batez ere.

J. Clover

Lehendik ere bazekiten proteina horien harremanak egiten duela hegaleko muskulua uzkurtzea eta erlaxatzea. Kontua da hain mugimendu azkarra ezin dela nerbio-bulkadek kontrolatutakoa izan. Eta aurkitu dute miosinak, malgukiek egiten duten eran, energia elastikoa gordetzen duela uzkurdura bakoitzean, eta hurrengo hegal-kolpean askatzen duela.

Aurkikuntzak berak garrantzi handia du, baina erabili duten teknika ere ez da txantxetakoa; izan ere, miosinaren jarduerari bat-bateko argazkien bidez jarraitu diote, eta, horretarako, X izpiak euli baten hegoen mugimenduarekin sinkronizatu dituzte. Horretarako, euli bat lotu eta hegan doala sinetsarazi diote haizea eta argi-jokoak erabilita.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila