Ikertzaileek aspalditik jakin nahi izan dute nola dakiten hegazti migratzaileek non dagoen iparra. Oldenburg Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketen arabera, badirudi hegaztiak gai direla Lurraren eremu magnetikoak 'ikusteko'. Nonbait, hegaldia gidatzen duen garunaren eremuarekin lotuta daude hegazti migratzaileen begiko molekula batzuk.
Hori frogatzeko, ikertzaileek baso-txinboarekin (Sylvia borin) egin dute esperimentua. Adierazle bat injektatu diote hegaztiari orientatzean erabiltzen duen garunaren eremuan, eta beste bat, erretinan. Adierazleek nerbio-seinaleekin batera neuronetan zehar bidaiatu dute, eta ikusi dute bi adierazleak leku berean elkartzen direla hegaztia migratzeko prest dagoenean. Hain zuzen, ikusmenaz arduratzen den talamoaren zatian elkartu ziren.
Ikertzaileen ustez, anatomikoki lotura hori egoteak esan nahi du hegaztiek ikuste-sentsazioen gisa sumatzen dituztela eremu magnetikoak.