Beste behin, injinerutza genetikoaren aplikazioak liskarrak sortu ditu nekazaritza-munduan. Izan ere, berriki garatu den teknologia ez da txantxetan hartzeko modukoa. Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuak eta labore-hazien konpainia handi batek sinatu duten akordioaren arabera, urte gutxi barru, hazi antzuak saltzeko patentea lortu du konpainiak.
Nekazariak multinazional handien esku geldituko dira. Izan ere, era honetara ezin izango dute betidanik egin dutena egin, hau da, urtero uztaren zati bat hurrengo urterako hazitarako jaso. Hazi-konpainia handien ahalegin guztiak hazi ez-bideragarriak edo antzuak ekoiztera bideratu dira. Lehendik ere ezagutzen dira hainbat kasu, baina orain garatu den teknika labore-mota gehienentzat da baliagarri.
LEA (Late Embryogenesis Abundant) izeneko genearen sekuentzia bat aktibatzean sortzen den proteinak landare helduaren haziak antzutu egiten ditu. Eztabaida handiak sortu dira gaiaren inguruan, administrazioko teknikariek diotenez, beraien haziak berriro ernalaraztea lapurreta izan daiteke eta, beraien ustez, teknika honen bidez haziei Copyright moduko zerbait ezartzen zaie.
Nekazariak eta berauen sindikatuak haserre azaldu dira erabakiarekin eta mendeetan zehar hobetzen joan diren laboreen informazio genetikoa lapurtzen ari direla diote.