Haurdunaldian goragalea eta gonbitoa sortzen dituen hormona identifikatu dute, Cambridge Unibertsitateko ikertzaileek gidatutako ikerketa batean. Hormona hori bera da hiperemesi grabidikoa eragiten duena ere (goragale iraunkorra eta gonbito jarraituak eta larriak). Ikerketak tratamendua aurkitzeko bidea irekitzen du.
Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, zehaztu dutenez, GDF15 hormonarekiko sentikortasuna da gakoa. Hain zuzen, enbrioiak sortzen du hormona hori, eta, odolaren bidez, amaren garunean eragiten du. Ama batzuek gehiegizko sentikortasuna dute, eta goragalea sortzen zaie, bereziki, lehen hilabeteetan.
Zenbait kasutan, hain da larria, arriskuan egon daitezke amaren eta fetuaren osasuna, baita bizia ere. Hipernemesi grabidikoa deitzen zaio, eta horrelakoak amaren aldaera genetiko batekin erlazionatuta egon daitezkeela ikusi dute. Eta alderantziz, talasemia dutenek (anemia eragiten duen gaixotasun genetiko bat) GDF15-maila oso altuak dituzte haurdunaldiaren aurretik, eta, beraz, sintoma arinak izaten dituzte.
Ikertzaileen arabera, haurdunei aurrez GDF15 ematea izan daiteke goragaleak prebenitzeko irtenbideetako bat; hau da, hormonara ohitzea, gehiegizko sentikortasuna ez izateko. Beste bat GDF15aren maila jaistea izan daiteke, botika blokeatzaileekin. Nahiz eta oraindik gehiago ikertu behar duten tratamendu seguruak eta eraginkorrak lortzeko, pauso handia eman dute haurdunen sintomak aintzat hartuak izateko, eta haien eta fetuen osasuna zaintzeko.
Elhuyarrek garatutako teknologia