Haurdunaldiak aldaketak eragiten ditu amaren garunean

Helene Armentia Artzak

Elhuyar Zientzia

Ikerketa baten arabera, haurdunaldiak egitura-aldaketak eragiten ditu amaren garunean. Aldaketa horiek gutxienez bi urtez irauten dutela frogatu dute. Nature Neuroscience aldizkarian eman dute ikerketaren berri.

haurdunaldiak-amaren-garunaren-materia-grisa-murri
Erika Barba, Susanna Carmona eta Òscar Vilarroya ikertzaileak. Barruko argazkian, Susanna Carmona, Erika Barba eta Elseline Hoekzema. Arg. IMIM

Haurdunaldiak garunean eragindako aldaketak ezagutza sozialekin loturiko garunaren aldeetan izaten dira, eta amak haurrarekin duen harremanarekin dute zerikusia. Ikertzaileen ustez, amatasunak ekartzen dituen erronkei aurre egiteko gertatzen dira.

Gauza jakina da haurdunaldiak aldaketa psikologiko eta hormonalak eragiten dituela amarengan, baina garunaren egituran eta funtzioetan duen eragina oraindik zehaztu gabe zegoen. Hala, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak ikerketa bat egin du, Itsas Ospitalea Ikerketa Institutuarekin batera, haurdunaldiaren aurretik eta ondoren. Ikerketa horrek erakutsi du lehen aldiz ama izan diren emakumeen garunek materia grisa galtzen dutela, baina horrek ez duela galera kognitiborik eragiten. Aitzitik, alderantzizkoa gertatzen da.

Egokitze-inausketa deritzo aldaketa horri. Ikertzaileen arabera, prozesua nerabezaroan gertatzen denaren antzekoa da; izan ere, haurrek ere materia grisa galtzen dute nerabezarora pasatzean. Prozesu horretan, nerabeek neuronen arteko sinapsi ahulak galtzen dituzte, eta buru-prozesamendu helduago eta eraginkorragoa lortzen dute.

Ikerketan hainbat lagunen garunen erresonantzia magnetiko bidezko argazkiak aztertu ziren, hain zuzen ere, lehen aldiz ama izandako 25 emakumeren garunenak, eta haietako batzuen gizonezko bikotekideenak. Kontrol-taldea, berriz, ama izan ez ziren 20 emakumek eta haietako batzuen gizonezko bikotekideek osatu zuten.

Azterketak erakutsi du, funtsean, besteekiko sentimenduekin loturiko garunaren aldeetan izaten dela materia grisaren galera, eta ez dela gizonezkoengan gertatzen, ez eta haurdun ez dauden emakumeengan ere. Ikertzaileek ikusi dute, gainera, haurdun egon diren emakumeen aktibatu egiten direla garunen alde horiek beren haurren irudiak ikusten dituztenean. Are gehiago:  amaberriek beren haurrekiko daukaten atxikimendua edo hoztasuna aurreikusten dute bolumen-aldaketek.

Badirudi amatasunak ekartzen dituen erronkei aurre egiteko gertatzen direla aldaketa horiek. Horrela, emaitzen arabera, amaren garunaren aldaketek amaren haurrarekiko lotura areagotzen dute, haurraren egoera emozionala errazago ezagutu ahal izateko.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.