Haurdun geratzeak zenbat eta luzeago jo, orduan eta aukera handiagoa omen dago jaioko den haurra mutila izateko, British Medical Journal aldizkarian argitaratu duten ikerketa baten arabera.
Ikerketa haurdun geratu nahi zuten 5.283 emakumerekin egin dute, denak 30 urte ingurukoak. Jarraipena egiten hasi eta hamabi hilabete baino lehen, hamar emakumetik bederatzi haurdun zegoen; haurren % 51 mutilak izan ziren. Haurdun geroago geratu zirenen artean, ordea, % 56k izan zuten mutila. Ikertzaileen arabera, haurdun geratzeko epea urtebete luzatzen deneko, % 4 gehitzen da mutila izateko probabilitatea.
Baliteke azalpena espermatozoideen abiaduran egotea. Izan ere, Y kromosomadun espermatozoideak (obulua ernaldutakoan mutila ematen dutenak) azkarragoak omen dira X kromosomadunak baino (neska ematen dutenak). Batzuetan, emakume batek haurdun geratzeko zailtasunak izatearen arrazoia da uteroaren ahoko mucusa ohi baino likatsuagoa izaten dela; eta litekeena da lika horretan errazago moldatzea Y kromosomadun espermatozoideak.