Haurdun gelditu nahi izanez gero, lehenbailehen hasi

Human Reproduction Europako ugalketa-medikuntzari buruzko aldizkari ospetsuan argitaratutako azterketa baten arabera, bai emakumezkoen bai gizonezkoen ugalkortasuna uste baino lehenago hasten da jaisten adinarekin: gizonezkoen ugalkortasuna 40 urte bete aurretik hasten da jaisten, eta emakumezkoena 30 urte bete baino lehenago. Orain arte, aldiz, jaitsiera 10 urte geroago hasten zela uste zen.

Ikertzaileen esanean, emakumezkoen ugalkortasuna 30 urtera iritsi baino lehen jaisten hasteak ez du esan nahi 30 urte ingururekin haurdun gelditu nahi duenak aukera txikiagoa duenik, baizik eta 20 urte dituenak baino bi edo hiru hilabete gehiago beharko dituela bere nahia betetzeko. Nonbait, ernaltzeko aukera hilekoaren ziklo bakoitzaren barruan gutxitzen da.

Dena dela, kontuan hartu behar da azterketan parte hartu duten 782 bikoteek familia plangintzarako metodo naturala erabiltzen zutela, eta baliteke horrek ere emaitzetan eragina izatea. Azken finean, azterketa egiteko aukeratu den laginak ez du gizarte osoa ordezkatzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila