Arizonako (AEB) bi matematikarik hatz-markak sortzeko eredu matematiko bat garatu dute. Eredu horrekin, hatz-marken irudia erreproduzitu omen daiteke.
Eredua egiteko kontuan izan dute hatz-mamien geometriaren arabera hiru oinarrizko forma agertzen direla hatz-marketan: arkuak, bihurguneak eta lerroak. Esate baterako, hatz-mami biribilduetan lerroak osatzeko joera da nagusi, eta hatz-mami zapaletan arkuak. Matematikari horien esanean, joera horiek ongi erreproduzitzen ditu garatu duten ereduak.
Baina hatz-markek irudi konplexuak osa ditzakete. Eredua oraindik ez da guztiz zehatza, arazoak ditu adarkatzeekin eta beste berezitasun batzuekin, baina pixkanaka zehazten joateko asmoa agertu dute.