Harri koskorraren usaina hartzen

Otsailaren 14an NASAko zunda bat Eros asteroidearen inguruko orbitan sartu zen. Zunda asko hurbilduko den arren, ez da laginak hartzeko kontakturik egongo. Planetak ezik, beste zerbait aztertzeko bidali den lehenengo zunda da. Gainera, Marteko misioen porrota zela eta, espazioko agentzian tentsio asko zegoen.

1996ko otsailean NEAR zunda espazioratu egin zen. Automobilaren tamainako zunda da. Bere izena hitz-joko eran aukeratu zuten, misioak horretarako beta ere eskaintzen baitu. "Near" hitzak ingelesez "hurbil" esan nahi du eta, gainera, siglazko hitza da, Near Earth Asteroid Rendezvous hitz multzotik egindakoa (Lurretik gertuko asteroidearekiko topaketa). Izen egokia da. Ezagutzen diren asteroide gehienak beti Marteren eta Jupiterren orbiten artean daude. Eros asteroideak, ordea, oso orbita eliptikoa du eta Lurraren orbitara hurbitzen da. Horregatik, eta handiadelako, misioaren helburu bilakatu zen.

1997ko ekainean NEAR zunda beste asteroide batetik 1.200 kilometrora pasa zen. Matilde du izena eta oso errotazio geldoko gorputza da. Irudi ugari hartu eta gero, zundak bidaiari ekin zion eta 1998ko abenduan Eros asteroidearen ingurura iritsi zen. 33 kilometroko luzera duen patata-itxurako asteroidea da. Orbitan sartzen saiatu zen, baina arazoak izan ziren eta saioak porrot egin zuen. Ontziak 29 kilo erregai galdu zituen, baina larrialdia gainditu egin zen.

Azkenik, urtebete eta bi hilabete geroago (aurtengo otsailaren 14an) Lurretik 260 milioi kilometrora zegoela, zunda orbitan sartu zen. Handik aurrera orbita egokitzen aritu da eta apirilean asteroidearen gunetik 50 kilometroraino gerturatuko da eta abenduan are eta hurbilago egongo da. Hantxe egingo ditu neurketa garrantzitsuenak.

NEARek sentsore eta espektrometroenbitartez asteroidearen azala aztertuko du. Besteak beste, asteroidearen eremu magnetikoa neurtu nahi dute, magnetismoa izatea burdinazko guneen adierazlea baita.

Katastrofistentzat kezka sortzeko beta badago, Eros-ek Lurraren aurka talka egiteko probabilitatea, gutxi gorabehera, hogeitik bat dela diotelako. Baina baikor ikus daiteke egoera, NASAko NEAR zundaren misioak duen ikuspuntutik.

Asteroideak planeta erraldoien erdibidean daude. Horregatik askotan bidaia luzeen geldigune izateko proposatu dira. Bestalde, espazioko behatokiak kokatzeko tokirik aproposenak izan litezke. Eros-ek ere aukera hori eskaintzen digu, baina hain urrutira joateko beharrik gabe. Marterako bidaietako geldigunetzat har daiteke. Baina hori eta antzeko beste ideiak gauzatzeko, lehenengo esploratzen hasi egin behar da eta horixe da NEAR zundaren helburua.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila