Harri Aroko tresneria, uste baino sofistikatuagoa

Harri Aroko tresneria, uste baino sofistikatuagoa
2011/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: © Science/AAAS)

Hegoafrikar Errepublikako Blombos haitzuloan, historiaurreko gure arbasoek harriak lantzeko teknika sofistikatu bat baliatzen zutela egiaztatzen duten aztarnak agertu dira. Aurkikuntza Toulouseko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek egin du, eta, haien arabera, presio bidezko tailatzea deitzen diogun jarduera orain 75.000 urte ere erabiltzen zen, uste baino 55.000 bat urte lehenago.

Presio bidezko tailatzeak harrizko tresnen ertzak kontu handiz lantzea ahalbidetzen du. Teknikaren oinarria zera da: hezurrez egindako tresna batekin harrizko tresnaren ertzean presioa eraginez harri-zati txikiak kentzea.

Blombosen, duela 75.000 urteko 127 harri-mutur triangeluar aurkitu dituzte --labanak edo lantzak sortzeko erabiliak, ziurrenik--, guztiak silkretazkoak (silizez zementaturiko konglomeratua). Egiaz presio bidezko tailatzea erabiltzen ote zuten argitzeko, ikertzaileek beste silkreta-lagin batzuk bildu zituzten haitzuloaren inguruan, eta lurpean aurkitutako tresnen erreplikak sortu zituzten. Horretarako, bi teknika erabili zituzten: mailuketa bidezkoa, bata; eta, mailuketaren ostean azken ukituak presio bidezko tailatzearen bitartez egitea oinarri duena, bestea. Erreplikak harrizko lanabes zaharrekin alderatzean, ikusi zuten antzinako tresnen hiru bostenek presio bidezko tailatzearen seinaleak agertzen zituela: ertz leunagoak eta definituagoak zituzten.

Orain artean, zientzialariek uste zuten teknika hori lehenengoz orain 20.000 urte erabili zela. Frantzian agertu ziren hori egiaztatzen zuten aztarnak.

1
271
2011
1
008
Eboluzioa
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila