Alemaniako Allwetterzoo Münster zooko izurdetegian ohartu dira tukuxi izurdeak elektrohartzaileez baliatzen direla beren harrapakinak aurkitzeko. Haien bidez, animalia guztiek sortzen ditugun eremu elektriko ahulak hautematen dituzte, eta harrapakinen kokapena zehazten dute.
Zientzialariek azaldu dutenez, tukuxi izurdeak oso ur uherretan bizi dira, sedimentu lohitsuak dituztenetan (Erdi eta Hego Amerikako ekialdeko kostaldean), eta, hortaz, oso mugatua dute ikusmena.
Izurdetegiko izurde bat hil zenean, muturreko ehun-laginak hartu zizkioten, hango zulotxoak aztertzeko. Ikertzaileek uste dute izurdeen arbasoek biboteak zituztela oraingoek zulotxoak dituzten lekuan. Haiek aztertzean, ordea, ez dute ile-zuloen zantzurik aurkitu zuloetan; aitzitik, hainbat arrain-espeziek, bai eta ornitorrinkoek ere, dituzten elektrohartzaileen antzekoak dira. Haien iritziz, dena den, espezie horietan guztietan modu independentean agertu dira elektrohartzaileak, konbergentziaz, alegia.