Handienetakoa eta zikinenetakoa

22 milioi dolar. Horixe da Maracaibo lakuaren oreka ekologikoa berreskuratzeko behar den dirutza. Eta agidanez, lortzear dago, eztabaida luzeen ondoren, Andetako Sustapenerako Batzordeak diru-laguntza ematea erabaki duelako. Premia zegoenik ezin uka.

Venezuelako Maracaibo lakua munduko lakurik handienetarikoa da. Makina bat ibaik isurtzen du bere ura bertara, baina ez da horregatik ospetsu egin. Petrolioak damaio lakuari ospea eta halaber, petrolioaren ustiapenak poluzio-maila handia eragin du bertan. Onartu berri den diru-laguntzaren erabilpena beraz, poluzioaren kontrako tratamendu sistema berriak inplementatzera zuzenduko da.

Iragarritako ihardueren artean, Maracaibo lakuaren fauna eta floraren berreskurapen prozesua dago, hots, lakuaren berezko oreka ekologikoa berrantolatzea. Urtetako basakeriari eta espezie askoren berreskurapenari aurre egin beharko zaie, beraz. Bistan denez, ondorioak ez dira epe motzera nabarmenduko, baina aurrerapauso garrantzitsua denik ezin da uka.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila