Diotenez, orain arte garatu den mikroskopiorik zehatzena da. X izpi bidezko mikrotomografia du oinarri, beste hainbat mikroskopiok bezala, baina irudi handiagoak eta garbiagoak lortzen ditu. Horretarako, teknika berri bat gehitu diote: 'time delay integration'. Teknika horrek X izpi bidez lortutako hiru dimentsioko irudien inperfekzioak zuzentzen ditu pixelez pixel.
Britainia Handiko sei unibertsitatetako taldeek garatu dute mikroskopio hori. Eta hamaika aplikaziotarako omen da erabilgarria: fosilak arrokatik banatu gabe aztertzeko, hezur eta haginetan diagnosiak egiteko, metalen portaera maila mikroskopikoan ezagutzeko eta abar.