Prioiak hainbat gaixotasun ezagunen eragile dira, behi eroen gaitzarena eta Creutzfeld-Jacob gaitzarena, besteak beste. Baina, ikertzaileek ikusi dutenaren arabera, gure organismoaren informazio genetikoak berak laguntzen die prioiei gaixotasunak eragiten.
Prioiez kutsatutako janaria hartzean, gure gorputzeko nerbio-sistemako proteinak deformatu eta hondatu egiten dituzte prioiek. Ondorioz, garunak ezin du behar bezala funtzionatu. Baina prioiek proteina arruntak nola deformatzen dituzten misterio handia da zientzian, hau da, printzipioz osasuntsua den proteina bat nola bihurtzen den prioi gaizto. Eta, harrigarria bada ere, RNAk zeresan handia du horretan. Oraindik ez dago argi zehazki zer egiten duen RNAk, baina prioiei proteina osasuntsuen egitura eraldatzen laguntzen diela ziurtatu dute zientzialariek.
Honek gaixotasuna hobeto ulertzen lagunduko du, baina, batez ere, diagnosi-metodo berriak garatzen. Izan ere, prioiek sortutako gaixotasunak ezin dira metodo genetikoekin detektatu, eta, askotan odoleko prioi-kantitatea gaixotasuna garatzeko nahikoa izaten bada ere, txikiegia izaten da ohiko metodoez detektatu ahal izateko. Gaixoaren odol-lagin bati RNA gehituta, ordea, 12 bat aldiz gehitzen da prioi-kantitatea, eta, hortaz, errazagoa izaten da detektatzea.