300.000 urteko Homo sapiens-en fosilak aurkitu dituzte Marokon

Gure espeziearen jatorria atzeratu eta lekualdatu dute fosil horiek

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gure-espeziearen-jatorria-atzeratu-eta-lekualdatu-
Irhoud 10 izendatutako fosilaren berreraiketa; gizaki modernoaren ezaugarriak dituela antzematen zaio. Arg. Sarah Freidline/MPI/EVA/Leipzig

Gure espeziea, bere ezaugarri morfologiko modernoekin, duela 200.000 urte inguru sortu zela uste izan dute orain arte. Hori ondorioztatzeko, Etiopian aurkitutako fosiletan oinarritzen ziren: haiek ziren Homo sapiens itxura betea zuten zaharrenak. Eta hortik ondorioztatu zuten baita ere lur-eremu hura zela gure espeziearen jatorria.

Orain, aurreko hipotesia iraultzen duen bi ikerketa argitaratu dira Nature aldizkarian. Jebel Irhoud aztarnategian (Maroko) aurkitutako fosil batzuetan oinarritzen dira ikerketak. Lehendik ere ezaguna zen aztarnategi hori, Homo sapiens modernotzat jo zitezkeen fosilak zituelako. Fosil horiek eta han bertan gerora aurkitu dituzten beste batzuk termolumineszentziaz aztertuta, zaharrenek 315.000 urte dituztela kalkulatu dute. Hau da, Etiopiakoak baino dezente zaharragoak dira. Hortaz, Homo sapiens espeziaren sorlekua ez legoke Afrikako ekialdean, baizik eta iparraldean. Adituen ustez, handik hedatuko zen kontinente osora, lehenik, eta gero Europa aldera (Out of Africa edo Afrikatik kanpora hipotesia).

Max Planck Institutuko Antropologia Ebolutiboko ikertzaileek gidatu dituzte ikerketok eta, datazioaz gain, gure espeziearen eboluzioari buruzko zantzuak ere eman dituzte. Haien arabera, ezaugarri modernoak pixkanaka garatu ziren; alegia, Homo sapiens zaharrenetatik modernotzat jotzen direnetara, ez zen jauzirik egon, baizik eta aldaketa txikiak eta jarraituak.

Orain, mundu osoko adituak ikerketa horren emaitzak aztertzen eta eztabaidatzen ari dira, eta denborak esango du zenbateraino aldatzen duen gure espeziearen eboluzioaz dugun ikuspegia. Oraingoz, behintzat, astindu bat eman dio ontzat jotzen zenari.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila