Groenlandiak lur berdea esan nahi du, eta garai batean halakoxea zen. Baina, aztarna berrien arabera, uste baino lehenago amaitu ziren garai haiek. Uhartearen hego-ekialdean, bi kilometroko zuloa egin dute izotzean, eta azpiko lohian zegoen DNA erauzi dute. Hala, duela 800.000-450.000 urteko bizidunen aztarnak lortu dituzte. Aipatzekoa da inoiz lortu den DNA zaharrenetakoa dela.
Aztarna horietan, ez dute intsektuak baino animalia handiagoen DNA topatu, erraz suntsitzen baita, baina landare eta intsektu ugari identifikatu dituzte: besteak beste, haltza, izeia, pinua eta hagina, eta zuhaitz horiei lotutako fauna, hala nola kakalardoak, euliak, armiarmak, tximeletak... Gaur egun, antzeko ekosistemak daude Kanadaren ekialdeko eta Suediako basoetan.
Alabaina, datazioa ez dator bat eredu klimatikoek iradokitzen dutenarekin. Izan ere, duela 450.000 urtetik hona ez dago landareen aztarnarik; horren arabera, badirudi ordutik izotzaren pean egon dela inguru hura. Zientzialariek, ordea, uste zuten azken glaziazio arteko garaian (duela 130.000-116.000 urte) Groenlandia hegoaldeko izotza urtu egin zela, eta horregatik igo zela itsas maila 5-6 metro. Baina, ikerketa honetan egindako kalkuluak zuzenak badira, itsas mailaren igoera azaltzeko beste arrazoiren bat bilatu beharko dute ikertzaileek.