Groenlandiako marrazoa, bizitza luzeena duen ornoduna

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

groenlandiako-marrazoa-da-gehien-bizi-den-ornoduna
Arg. Julius Nielsen

Gutxienez 400 urte bizi daiteke Groenlandiako Marrazoa, Science aldizkarian argitaratu berri duten lan baten arabera. Hala, ezagutzen den bizitza luzeena duen ornoduna izango litzateke.

Groenlandiako marrazoa (Somniosus microcephalus) Atlantikoko iparraldeko ur hotzetan bizi da, eta bost metrotik gora izatera irits daitezke. Ikertzaileek oso gutxi dakite marrazo horien biologiari buruz, baina espero zuten bizitza luzekoak izango zirela, hazkuntza-tasa oso baxua baitute: urtean zentimetro bat inguru. Gainera, arrainetan adina neurtzeko ohiko teknikek ez dute balio marrazo hauentzat, ez dutelako horretarako beharrezkoak diren egitura kaltzifikaturik. Hala, erradiokarbono-datazioa erabili dute bazterkin gisa arrantzatutako 28 emeren adina kalkulatzeko. Bi handienek, 493 eta 502 cm-koak, gutxi gorabehera 335 eta 392 urte zituztela kalkulatu zuten.

Bestalde, aurreko ikerketa batzuek iradokitzen dute emeak 400 cm-tik gora dituztenean iristen direla heldutasun sexualera. Eta orain egin diren kalkuluen arabera, horrek esan nahi du 150 urtetik gora behar dituztela sexualki helduak izateko.

Arg. Julius Nielsen

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila