Gripeari aurre egiteko lo eginarazten duen proteina bat aurkitu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

gripeari-aurre-egiteko-lo-eginarazten-duen-protei
Arg. tab62/Dollar Photo Club

Lo gehiago eginez gripea errazago sendatzea eragiten duen garuneko proteina bat aurkitu dute Washington State Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Saguekin egindako ikerketan ikusi dute proteina hori gabe saguek sintoma larriagoak eta heriotza-tasa handiagoak dituztela gripearen aurrean. Brain, Behavior, and Immunity aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Bakterioen eta birusen infekzioei aurre egiteko loa garrantzitsua dela ezaguna zen. Eta ikerketa honekin erakutsi dute AcPb izeneko garuneko proteina batek zerikusi handia duela horretan. Proteina hori interleukina-1 proteinari lotzen zaio, eta bien artean loa erregulatzen dute animalia osasuntsuetan, eta gaixoek lo gehiago egitea eragiten dute.

Ikerketa honetan H1N1 birusarekin infektatu zituzten saguak. Ikusi zuten AcPb proteinaren generik ez zuten saguek lo gutxiago egiten zutela, hoztu egiten zirela, erritmo zirkadianoa galtzen zutela, eta gehiago hiltzen zirela.

Ikertzaileek adierazi dute gripearen kontrako medikamentu berriak sortzeko bide bat ireki dezakeela aurkikuntza honek, eta posible ikusten dute AcPb proteinaren ekoizpena areagotzea eragingo lukeen botika bat sortzea.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila