Greenpeace Amazoniaren alde


Greenpeace nazioarteko talde ekologistak bere historiako kanpaina handiena aurkeztu zuen maiatzaren bukaeran Rio de Janeiron.Kanpaina honek mundu osoan zehar Amazonia oihana babestea aldarrikatuko du, Amazoniaren arazoa globala dela azpimarratuz. Izan ere, oihanaren suntsiketak Mundu osoan aldaketa klimatikoak sortuko baitituzke, eta oxigeno-produkzioaren zati handi bat galduko bailitzateke. 1970. urterarte oihanaren % 99 ukitu gabe zegoen, baina 29 urtetan ustiaketa erabat handitu da, eta gaur egun suntsitu gabe gelditzen dena % 60 da. Azken lau urteetan Herbehereak, Belgika eta Luxenburgo hartuko lituzkeen azalera suntsitu da egur tropikala lortzeko, batez ere Estatu Batuetako eta Europako enpresa handien eraginez.

Thilo Bode Greenpeaceko zuzendariak dioenez, gelditzen den % 60 hori babesten saiatu behar dugu, eta horretarako Greenpeacek alor komertzial alternatiboak proposatu ditu; hala nola ekoturismoa, gomaren ustiaketa, oihaneko fruituak eta landare medizinalak. Horrela Amazonian bizi diren 20 milioi pertsonentzat bizimodua lor liteke, Greenpeaceren ustez, ekosistema suntsitu gabe.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila