Grafenozko ponpa amperea definitzeko

Elektroiak banaka askatzen dituen grafenozko ponpa bat egin dute definizioak behar duen neurketa egiteko.

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

grafenozko-ponpa-amperea-definitzeko
Arg. Guillermo Roa

Amperea zer den zehazteko gaur egun erabiltzen den definizioa nabarmen hobetu daiteke elektroi bakarreko ponpak erabilita. Oso metodo ona da teoriaren ikuspuntutik, praktikan, ordea, zailtasun handiak daude ponpa horiek egiteko. Baina egin daitezke; Erresuma Batuko fisikari batzuek aurkitu dute grafenoarekin, hau da, propietate fisiko harrigarriak dituen modako materialarekin, ponpa horiek egiteko modu bat.

Zientzian erabiltzen diren unitate guztiak oinarrizko zazpi unitatetatik eratorriak dira. Horregatik, ahalegin berezia egin behar da zazpi horiek modu zehatzean definitzeko. Amperea da zazpi haietako bat, eta oraindik ere definizio-arazoak ditu. Berez, badu definizio teoriko zehatz bat, baina amperearen neurketak beste oinarrizko unitate batzuen mendekotasuna du, eta, horregatik, bide berriak bilatu behar dira neurketa zehatza egiteko. Elektrizitatearekin lotutako beste bi unitate daude, ohma eta volta, baina horiek ez dute ampereak duen arazoa.

Zailtasun praktikoa definizioan bertan dago; elektrizitatea eroaten duten bi kable perfektu eta infinitu beharko lirateke, metro bateko distantziara jarrera paraleloan jarrita, eta korronte elektriko jarraitu eta zehatza pasarazi beharko litzateke haietatik neurketak egiten hasteko. Amperea definitzeko, bi kableen artean indar jakin bat eragiten duen korronte-intentsitatea neurtu beharko litzateke. Praktikan hori guztia ezinezkoa da.

Hala ere, gauza bera neurtzen duten beste esperimentu batzuk egin daitezke. Nolanahi ere, zailena korronte elektrikoaren iturri fidagarri bat aurkitzea da. Gaur egungo fisikariek aldiko elektroi bakarra ponpatzen duen gailu bat erabiltzen dute horretarako, eta National Physical Laboratory eta Cavendish Laboratory ospetsuetako fisikariek grafenozko bat egin dute.

Grafenoak propietate fisiko aproposak ditu gailu elektrikoak egiteko, eta, elektroi bakarreko ponpen kasuan, gigahertzetako maiztasunarekin ponpatzen duen korrontea eragin daiteke grafenozko ponpa baten bitartez, beste ponpek sortzen dutena baino askoz handiagoa. Grafenozko ponpaz amperearen definizioa hobetzen badute, oinarrizko hiru unitate elektrikoak egongo dira zehaztasun handiz definituta.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila