Grafenoz egindako transistore batek errekorrak hautsi ditu

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

grafenoz-egindako-transistore-batek-errekorrak-hau
Arg. ©nobeastsofierce/123RF

Grafenoak ez du desengainurik ekarri. Transistore malgu eta ahaltsuak egiteko balioko zuela iragarri zuten fisikari teorikoek, eta hala izan da. Texasko Unibertsitateko fisikariek aurkeztu dute orain arteko grafenozko transistorerik sofistikatuena, eta errekorrak hautsi ditu: beste edozein transistorek baino korronte-dentsitate handiagoa maneiatzen du, potentzial-diferentziarik handiena ere bai, eta inoiz neurtu den seinale-anplifikaziorik handiena eragiten du.

Ez da mota horretako lehen transistorea. Grafenozko lehen transistore malguak duela urtebete egin zituzten Southamptongo Unibertsitatean. Arazo bat gainditu behar izan zuten, nahiz eta grafenoaren gainean korrontea silizioan baino 2.000 aldiz azkarrago mugitzen den, grafeno-xafla bakar baten egitura elektronikoak ez baitu ematen aukera korronte hori itzaltzeko eta pizteko. Taldeak bi grafeno-xaflako egitura batekin gainditu zuen arazoa, eta inoiz baino azkarrago pizten/itzaltzen den transistore bat egin zuten. Horrek abiadura ekarriko luke gailu elektronikoetan.

Texasko Unibertsitateko taldekoek pauso bat gehiago eman dute. Material dielektriko batez sortu dituzte elektrodo konplexuen formak (multi-hatz ateak, hain zuzen), eta grafenozko bi xaflak horren gainean sortzeko eta finkatzeko modua asmatu dute. Egitura osoa plastikozko oinarri batean integratuta dago, eta modu horretan sortutako transistoreak, babestuta egoteaz gain, ezaugarri elektriko miresgarriak ditu.

Zientzialariek diote babesari esker ez dagoela arriskurik transistorea likido batean erortzen bada ere. Hori ez da transistorearen ezaugarri garrantzitsuena, baina litekeena da teknologia horrekin egindako gailuak likidoekiko erresistenteak izatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila