Grafenoz egindako lehen erdieroale funtzionala sortu dute Georgiako Teknologia Institutuko ikertzaileek, eta Nature aldizkarian argitaratu dute beren lana. Haren arabera, elektronika egiteko modu berri bati atea irekitzen dio aurrerapenak.
Azaldu dutenez, grafenoak zuen oztopo nagusia gainditzea lortu dute ikertzaileek. Izan ere, grafenoak ez dauka banda-tartea deitzen zaion ezaugarria, zeinaren bidez erdieroaleak piztu eta itzali egiten baitira. Orain lortu duten grafenozko erdieroaleak, ordea, 10 aldiz mugikortasun handiagoa du siliziozkoak baino, eta silizioak ez dauzkan bestelako ezaugarri onuragarri batzuk ditu, gainera.
Berez, aspaldi hasitako lanaren emaitza izan da. Taldeak 2001ean erakutsi zuen grafenoak elektronikarako aukera ematen zuela. Aurrerago, grafeno epitaxiala sortu zuen, silizio karburoaren kristal-aurpegi batean hazten den geruza bakarra. Hari kimikoki elkartuta, ezaugarri erdieroaleak erakusten hasi zen. Bide horri jarraituta lortu dute orain aurkeztu duten materiala.
Ikertzaileen esanean, grafeno epitaxialak paradigma alda lezake elektronikaren alorrean, eta erabat berriak diren teknologiak ahalbidetu, haren ezaugarri bakanak baliatuz; adibidez, konputazio kuantikoan.
Elhuyarrek garatutako teknologia