Orain arte neurtu ahal izan den grabitazio-indarrik txikiena neurtu dute Austriako Zientzia Akademiako ikertzaile batzuek. Milimetro bateko erradioko urrezko bi esferaren arteko grabitazio-indarra neurtu dute. Nature aldizkarian azaldu dute esperimentua.
Grabitatea oinarrizko indar bat da, baina ez dator bat gainerako oinarrizko indar eta partikulak biltzen dituen fisikaren eredu estandarrarekin, ezta mekanika kuantikoarekin ere. Grabitatearen misterioak argitzeko modu bat objektu txikien arteko grabitazio-indarrak neurtzea izan litekeen itxaropena dute fisikariek. Eta bide horretan aurrerapauso bat da neurketa hau. Izan ere, oso zaila da halako masa txikien arteko grabitazio-indarra inguruko gainerako perturbazioetatik bereiztea.
Kasu honetan lortu dute 90 mg-ko bi urrezko esferaren grabitazio-indarra neurtzea, eta ikusi dute masa horietarako ongi betetzen dela fisika newtondarra; alegia, grabitazio-indarra masaren eta distantziaren araberakoa dela. Ikertzaileek adierazi dute euren esperimentuak aukera eman dezakeela are masa txikiagoekin neurketak egiteko.
Elhuyarrek garatutako teknologia