GPSa duen koilarea, ganaduaren jarraipena egiteko

GPSa duen koilarea, ganaduaren jarraipena egiteko
2009/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: Mendinet)

GPS sistema barneratua duen koilare bati esker mendian dauden animalien kokapen zehatza jakin ahal izango dute abeltzainek edozein ordenagailutatik.

Mendinet elkarteak martxan jarri duen proiektu honen helburua izan da batik bat abeltzainen bizi-kalitatea hobetzea. Izan ere, normalean, sarritan joan behar izaten dute mendira ikustera animaliak non dauden eta kontrolatzera. Horrenbestez, helburua da animaliak denbora guztian non dauden jakitea, abeltzainen lana errazteko.

Behorren kasuan, esaterako, aparatu bat nahikoa da, beti taldean joaten baitira. Beraz, koilarea behor bati ezartzen zaio, eta, hori lokalizatuz gero, besteak ere ondoan izango dituenez, guztiak non dauden jakin ahal izango dute abeltzainek.

Proiektua bi urtez garatu du Mendinet elkarteak, Neiker-Tecnalia zentro teknologikoarekin laguntzarekin. GPS antena, telefono mugikorra eta bateria barneratua dituen koilarea sortu dute horrela.

GPSaren antena animaliaren goiko partean kokatzen da, eta, seinalea koilareko aparailu txiki batera iristen da. Gailu horrek informazioa prozesatu egiten du, eta, gero, telefonia mugikorraren bitartez informazioa bidaltzen du webgunea dagoen zerbitzarira. Ondoren, informazioa webguneko erabiltzaileek ikusten dute.

Informazio hori egunean bitan, goizean eta eguerdian, bidaliko da webgunera. Parajean animalia non dagoen kokatua aire-argazki batean ikusi ahal izango du erabiltzaileak, puntu batez irudikatuta.

Koilareak, gainera, informazio gehigarria bidaltzen du: esaterako, animaliak zenbat eta zer abiaduratan ibili diren; baita koilareari zenbat bateria gelditzen zaion ere. Dena den, bateriaren iraupenari dagokionez, badago zer hobetu. Izan ere, nekez irauten du 15 egun baino gehiago.

Mendinet elkarteak garatu duen koilarea Extremadurako Unibertsitateak eta Orange telefonia mugikorreko enpresak txerrientzat garatu zuten beste koilare batean oinarritu da.

Funtzionamendu egokia izango balu, 200 euro inguruan salduko litzateke produktua. Koilarea Gorbea, Izki, Aizkorri eta Aralarko parajeetan probatu duten hainbat abeltzainek jada azaldu dute erosteko interesa.

1
259
2009
12
014
Abeltzaintza; Teknologia
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila