Goulden diamante emeek kumeen sexua aukeratu dezakete

Goulden diamante emeek kumeen sexua aukeratu dezakete
2009/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: Sarah Pryke)

Goulden diamante emea goiko "adarreko" arrei begira dago; buru gorriko edo beltzeko arra ditu aukeran. Aukeraketa horren arabera, kume ar eta emeen proportzioa ere aukeratuko du emeak, Sydney-ko Macquarie Unibertsitateko biologoen arabera.

Buru gorriko eta beltzeko Goulden diamanteak (Erythrura gouldiae) gurutzatzen direnean, kume asko --bereziki emeak-- hil egiten dira. Hala, emeek kume arren eta emeen proportzioa nolabait kontrolatzeko aukera izango balute, kolore ezberdineko arrekin gurutzatzean, ez lukete alferrikako energiarik galduko hilko diren kume emeak sortzen.

Hipotesi hori frogatzeko, ikertzaileek buru gorriko eta beltzeko Goulden diamanteak gurutzatu dituzte. Kolore berekoak gurutzatzean jaiotzen diren kume arren eta emeen proportzioa antzekoa da. Kolore ezberdinekoak gurutzatzean, berriz, jarritako arrautzen % 82 arrak dira.

Harrigarriena da arrei burua margotutakoan --beltzei gorriz eta alderantziz-- emaitza bertsuak lortu dituztela; hau da, ikusi dute Goulden diamante emeak ikusten duen koloreak --nahiz artifiziala izan-- baldintzatzen duela ondoren jaioko diren kume ar eta emeen proportzioa.

1
253
2009
5
003
Zoologia
Albisteak
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila