Jakina da goseak egoteak usaimena areagotzen duela, eta, horrek usaindutakoa jateko gogoa pizten duela. Hala gertatzen da, adibidez, esnatu berritan ogi txigortuaren usaina sumatzean. Bada, EHUko ikertzaile bat zuzendarikide izan duen ikerketa batek argitu du garuneko zer eskualdetan eta nola gertatzen den hiru gertakari horien arteko lotura. Nature Neuroscience aldizkariak argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.
Sistema kanabinoideoak hartzen du parte prozesu horretan. Honela azaldu du Pedro Grandes EHUko Neurozientziak saileko ikertzaile eta ikerketa honen zuzendarikideak: "Goseak gaudenean, kanabinoideo endogeno espezifiko bat sintetizatzen da (anandamida), zeinak errezeptore jakin bati eragiten dion, CB1-i, alegia. Usaimen-erreboileko nerbio-terminal jakin batzuetan egoten dira errezeptoreok. Eszitazio-transmisio sinaptikoa erregulatzea da terminal horien eginkizuna. Bada, kanabinoideoek erraboileko CB1 errezeptoreei eragiten dietenean, murriztu egiten da kortex zerebraleko usaimen-eremuek igortzen duten eszitazio-komunikazioa, zeinak usaimen-erraboileko geruzarik barnekoenean amaitzen baitu. Hori dela eta, hobetu egiten da usaimen-erraboilaren funtzio intrintseko guztien jarduna. Usaina atzematen duten zelulek, adibidez, hobeto transmititzen dute hura; horrenbestez, areagotu egiten da usaimenaren pertzepzioa".
Usaimenaren pertzepzioan ez ezik, gehiago jateko joeran ere behatu zuten ikertzaileek CB1 errezeptorearen garrantzia. “Hartzaileok farmakologikoki blokeatu edo genetikoki ezabatuz gero (mekanismo horiek gabeko saguak sortuz) gutxiago jaten zuten saguek goseak zeudenean", dio Grandesek. In vivo egindako azterketek berretsi zuten CB1 errezeptoreak duen eragina sagua gehiago jatera bultzatzen duen mekanismoan.
Azkenik, ikertzaileak ohartu ziren fenomeno horiek ez dituztela kanabinoideo endogenoek bakarrik eragiten, alegia, organismoak berak sortzen dituenek soilik. “Animaliei THCa injektatzean, kanabisaren osagai psikoaktiboa, areagotu egin zitzaien usaimenaren eta apetituaren pertzepzioa adierazi du EHUko ikertzaileak.