Gose izan ala ez, jateko prest

Armiarma emeek arrak jan ohi dituztela esatea ez da kontu berria. Zientzilariek uste dutenez, emea gose denean, ernalketa-laguna maitale ez eta jatordutzat hartzen omen du. Alabaina, emeak ez du arra gose denean bakarrik “daztatzen”. hiru zentrimetroko armiarmekin froga batzuk egin ostean, horretaz ohartu dira bi biologo suediar.

Irudiko armiarmak arraintxo bat du bere harrapakina, baina emeen menuko plater nagusia sarritan armiarma arra izaten da. Kumaldi oparoa lortzeko asko jan behar du eme gazteak eta ez dio muzin egiten bikotekidea irensteari.

Eme batzuk gose eduki zituzten eta beste batzuei jaten bapo eman zieten. Bai gosetuek eta bai ondo aseek arra jateko grina bera erakutsi zuten. Hori gutxi balitz, maitale ugari hurbildu bazen ere, emeek ez zuten ernalketarako batere gogorik agertu.

Arrak behinik behin, ez du inolako onurarik lortzen “kanibalismo” praktika horretatik, baina emeari berari ere kalte baino ez diola egiten pentsa dezakegu. Izan ere, asetu ondoren emeak ez du ernaltzeko arretarik jartzen. Zein da orduan jokaera bitxi horren arrazoia?

Biologoen iritziz, arra irensteko grina horrek emeen arrautz errutearekin zerikusia izan dezake. Armiarma emeek behin bakarrik errun ohi dituzte arrautzak. Gainera, jarritako arrautza-kopurua emearen tamainaren araberakoa izaten da eta tamaina noski, gaztetan irentsi duen elikagai kopuruak mugatzen du. Beraz hori da, emeak gose izan ala ez, arra hurbiltzean sexuaz baino gehiago jatordu bikainarekin amets egitearen arrazoia.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.