Saio kliniko batean frogatu dute gorotz-transplanteak eraginkorrak direla Clostridium difficile bakterioaren infekzio errepikakorrei aurre egiteko. Bakterio horrek beherako larriak eragiten ditu, eta infekzioak errepikakorrak direnean, zaila izaten da antibiotikoekin tratatzea. Hain zuzen ere, saio klinikoan frogatu dute antibiotikoak baino hiru edo lau aldiz eraginkorragoak direla gorotz-trasnplanteak. New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Pertsona osasuntsu baten gorozkien laguntzarekin, gaixoaren hesteetako bakterio-komunitatea bere onera etortzen da, eta, egoera horretan, gainerako bakterioek mendean hartzen dute C. difficile. Mediku batzuk teknika horren eraginkortasunaz konbentzituta zeuden aspalditik, eta argitaratutako ehunka kasu daude. Baina ez zen gainerako medikuek eta gaixoek erraz onartzeko moduko teknika bat. Eta, bestalde, orain arte ez zen horrelako saio klinikorik egin. Amsterdamgo Unibertsitateko ikertzaileek infekzio errepikakor asko zituztelako teknika probatu zuten, eta izan zuen arrakasta ikusita, saio klinikoa egitea erabaki zuten.
Antibiotikoekin tratatu ondoren berriz gaixotu ziren 43 pertsonarekin hasi ziren saioa egiten. Ausaz, batzuei gorotz-infusioa eman zieten, sudurretik sartutako hodi baten bidez, zuzenean heste mehera; eta besteei antibiotiko-bidezko tratamendu estandarra. Saioa guztira 120 gaixorekin egitea pentsatzen zuten arren, bi taldeen arteko diferentzia ikusita bertan behera uztea erabaki zuten. Infusioak 16tik 15 gaixo sendatu zituen, eta antibiotikoak 26tik 7. Gainerakoak berriz gaixotu ziren, baina haiek ere infusio bat edo bi hartuta erabat sendatu ziren.
Ikertzaileek espero dute saio honen arrakastak laguntzea teknika honek ospitaletan onarpen gehiago izaten.