Gorilaren genoma deskodetu eta aztertu dute nazioarteko zenbait erakundetako ikertzaileek elkarlanean, eta ikusi dute, gure ahaide hurbilena txinpantzea bada ere, genomaren zati batean (% 30ean) gizakiak antzekotasun handiagoa duela gorilekin txinpantzeekin baino.
Gorilaren genoma ezagutzeak beste espezieenarekin alderatzeko aukera ekarri du. Eta gizakiarenarekin eta txinpantzearenarekin alderatuta, eboluzioaren gako batzuk argitu dituzte. Hain zuzen ere, alderdi horretan jarri dute arreta Nature aldizkarian argitaratu duten artikuluan.
Adibidez, jakin dute, eboluzioan, gorilak duela 10 milioi urte aldendu zirela txinpantzeengandik eta gizakiengandik. Horrez gain, ikusi dute zentzumenen bidezko pertzepzioarekin, entzumenarekin eta garunaren garapenarekin lotutako geneen eboluzioa oso azkarra izan dela hiruretan, baina, bereziki, pertsonetan eta goriletan. Horrek hitz egiteko gaitasunarekin zerikusia izan dezakeela uste dute ikertzaileek.
Gorilaren genoma deskodetzea giza espeziea eta eboluzioa ikertzeko baliagarria izateaz gain, gorilentzat ere onuragarria izatea espero dute ikertzaileek. Izan ere, espeziea galtzeko arriskuan dago, eta egin duten lanak haiekiko sentiberatasuna areagotzeko balio izatea nahiko lukete.