Gor begi argia

Meningitisa duten gaixoen % 30 hil egiten da; % 4 inguru, ostera, guztiz gortzen da. Meningitisa sortzen duten bakterioek barne-belarriko ile-zelulak hiltzen dituzte eta gorreria sakona eragiten dute umezaroan. Ingalaterrako Southampton Unibertsitateko sendagile baten ustez, begien kolorea adierazle ona izan daiteke bakterioaren infekzioaren aurrean belarriak nola erreakzionatuko duen aurretik esateko.

Jakina denez, begiei kolore beltza edo iluna ematen dien polimeroa melanina da eta, Helen Cullingtonen ustez, barne-belarrian melanina asko izateak, zelanbait, ile-zelulak babesten ditu. Hala ere, sendagileak dio oraindik asko dagoela aztertzeko. Izan ere, baliteke begien kolorearen eta gortasunaren arteko loturaren arrazoia beste bat izatea. Esaterako, nolabaiteko lotura egon liteke begien koloreaz arduratzen diren geneen eta infekzioaren aurreko hanturaren artean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila