Oporretatik etorrita lankide eta ikaskide batek “dekano zaharra” hil egin zela esan zidanean, nahigabezko sentimentu batek estutu zidan bihotza. Ustegabean, udako enbatak bezain ustegabean, jo du bihotzekoak. Une hartan, gazteago nintzeneko oroitzapenak etorri zitzaizkidan gogora: Donostiako Kimika-Fakultatean ikasle nintzenekoak lehenik eta irakasle izan nintzenekoak gero.
Urte haiei buruz oroitzapen kutuna dut oro har, nahiz eta une garratzak ere tartean egon. Aldi berean, Gonzalo Martin Guzmani buruzko nire eritziak urteen poderioz aldaketa sakona izan duela jabetzen naiz. Ikasle nintzeneko lehen urte haietan, irakasle eta dekanoaren irudia zegoen nire buruan, agintearen irudia alegia, horrek izan ditzakeen konnotazio txar guztiekin. Gero, pertsonarena nagusitzen da, bizitza osoa borrokan ihardun duen pertsonarena, eta orduan konprenitzen dituzu, zu zeu helduagoa zarelako akaso, lehen ulertzen ez zenituen jarrera eta jokamoldeak eta inoiz jokamolde hori desegokia iruditu bazaizu, baldintzarik gabe barkatzen diozu.
Horixe gertatu zait niri Martin Guzmanekin eta orain argi eta garbi dakusat irakasle handi horrek Euskal Herriko zientziaren garapenean izan duen garrantzia. Izan ere, ikasle-garaian, maiz arbuiatzen eta salatzen nuen bere egoskorkeriari esker atera da aurrera Donostiako Kimika-Fakultatea; gaur egun Euskal Herrian dagoen ikerketa-zentru garrantzitsuenetakoa.
Gonzalo Martin Guzman Madrilen jaio zen 1924.ean. Batxilergoa Cisneros institutuan egin zuen eta Madrilgo Unibertsitatean burutu zituen kimikazko ikasketak organikako adarrean. Ikasketak bukatu eta Madrilgo Juan de la Cierva institutuan zabaldu berri zen plastikoen sailean hasi zen ikerlari moduan lanean. 1950.ean silikonei buruzko tesia, estatuan egin zen lehena, bukatu zuen.
Beka bati esker Birmingahm-eko unibertsitatera joan zen Sir Harry Melville-k zuzentzen zuen ospe handiko laborategira lan egitera. Duela bi urte, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emerito izendatu zutenean egin genion elkarrizketan aipatzen zuenez (Elhuyar. Zientzia eta Teknika 1989.eko abendua, 18. or.), laborategian zegoen zerbitzuko azpiegiturak harritu zuen. Makromolekulen adarkaketa aztertu zuen bertan.
1954.ean Madrilera itzuli zen Juan de la Cierva-ra polimeroei buruz lanean aritzea. Bere nortasuna eta lan egiteko modua institutuko buruen gustokoak ez zirenez, bakarlanean aritu behar izan zuen. 1962.ean EEBBtara, Indianara eta Filadelfiara zehazki, joan zen irakasle bisitari moduan. 1964.ean institutura itzuli zen, baina bere lan-egoera gero eta zailagoa zenez Injineru-Eskoletarako katedratiko-oposizioetara aurkeztu (1968) eta Bartzelonako eskolan lanpostu berria lortu zuen.
Bere bizitzako lehen erronka handiari aurre egin behar izan zion bertan. “Ideia finko bat neukan buruan. Injineruak ez dira normalean ikertzaile, profesionalak dira, eta nire helburua injineruek ere oinarrizko ikerketa oparoa egin dezaketela frogatzea zen. Terrassa eta Bartzelonako injineru-eskoletan egin nituen urteetan injineru asko jarri nituen ikerketarako bidean. Orduantxe hasi ziren benetako doktore injineruak, tesiak egindakoak alegia, eta ez ordurarte bezala prestigio profesionalez lortutako doktoratuak. Ez da lan erraza izan injineruen pentsamoldea aldatzea”.
1975.ean Bartzelona utzi eta Donostiara etorri zen, bere bizian izan duen lanik zailena egitera akaso; tradizio unibertsitariorik ez zegoen hirian urrutiko unibertsitate baten menpe (Valladoliden menpe) ezaugarri berriko fakultate bat zabaltzea hain zuzen ere. ”Estatuan ez zegoen antzeko fakultaterik. Zerotik hasi behar zen. Donostiara etorri nintzenean fakultate berriko bultzatzaile sutsuenetako bi hil egin ziren. Oso gogorra gertatu zitzaidan guztia, baina azkenik lortu genuen eta 14 urte geroago egindako lanaren frutua ikusita oso pozik nago.”
1980.eko hamarkadako lehen urte zurrunbilotsuetan Euskal Herriko Unibertsitateko erretore izan zen. Irakasle soil gero eta erretiroaren garaia iritsi zitzaionean, berak gustokoen zuen lanean jarraitzerik izan zezan, irakasle emerito izendatu zuten. Horretan eman ditu azken urteak, barruan zeukan jakinduria mahaitxoen atzean esertzen ziren ikasle gaztetxoei transmititzen.
Izan bitez lerro hauek Gonzalo Martin Guzmanek Euskal Herriaren alde egin duena eskertzeko bide.
Inaki Irazabalbeitia