Gogorren artean, gogorrena ez da diamantea

Diamantea baino gogorragorik ba ote dago?. Galderaren erantzuna ezetza biribila da EEBBetako ikerlari-taldeak egin berri duen iragarpena ezagutzen ez duen edonorentzat. Izan ere, diamantea baino gogorragoa den substantzia, β-karbono nitruroa, lortu dutela adierazi zuen Yip-Wah Chung ikerlari-taldeko buruak.

Iragarpenaren jatorria 1980ko hamarkadan abiarazi ziren ikerketak dira. Orduan, diamantea baino gogorragoak izan zitezkeen kristalen egitura aztertzeari ekin zioten. Boro nitruroren portaerak frogatu zuenez, kristal oso gogorrak lortzeko bidea eskaini zezakeen ikerketa horrek. Diamantea baino gogorragorik ez zen, ordea, lortu. Alabaina, laborategian egindako saioek gerora emaitza bikainak eman zituen formula ekarri zuten. Egindako saioetan frogatu ahal izan zutenez, β-karbono nitruroak diamantearen gogortasun-maila gaindi zezakeen kristal bakarra da.

Egindako saioetan frogatu ahal izan zutenez, β karbono nitruroak diamantearen gogortasun maila gaindi zezakeen kristal bakarra da. Ustea ez da oraingoan ustela gertatu.

Kristalizatu gabeko karbono nitruroa lortzea ez da batere zaila. Kristalaren kasuan, ordea, zailtasunak uste baino handiagoak izan ziren. Bazirudien karbono eta nitrogeno atomoek ez zutela kristal-egiturarik sortu nahi. Azkenean lortu bada, ikerlari iaioen lan saiatuari esker gertatu dela esan daiteke.

Laborategian, oinarri solido baten gainean karbono eta titanioa kokatu zituzten. Bi elementu hauen gainean nitrogeno-molekulak jaurti zituzten, biekin nahas zitezen. Lortutako emaitzak bi elementu berriak biltzen zituen, karbono nitruro eta titanio nitruro, hain zuzen. Biak oso elementu gogorrak dira eta, horra hor ustekabea, biak elkartzean diamantea baino gogorragoa den sustantzia lortzen dela frogatu ahal izan dute.

Iragarpenak mesfidantza sorrarazi du kimikarien artean. Lortutako kristala ezpurutasunaz garbitzeak luze joko duela eta honek bere erabilpen-eremua mugatuko duela diote. Materiala masiboki ekoiztea lortuz gero, ordea, berebiziko aukera eskainiko du diamanteen mepean garatu diren iharduera industrialak burutzeko eta, jakina, diamanteak berak gauzatzerik ez dituen prozesuak egin daitezen. Momentuz esan dezakegun gauza bakarra zera da: gogorren artean gogorrenari bere neurriko arerioa azaldu zaiola.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila