Pilula antisorgailuaren erabilera normaldu zenez geroztik, emakumearen askatasunerantz urrats garrantzitsua eman zela sarritan entzun izan dugu. Oraingoan, gizonek izango ei dute norabide berean aurrera egiteko aukerarik. Londresko King´s College Ikerketa Zentruko ikerlariek uste dutenez, arras ezagunak diren bi drogak erabiliz lor daiteke gizonek hartuko luketen pilula antisorgailua.
Fenoxibentzamina eta tioridazina substantziek eiakulazioa atzeratu eta zenbait kasutan gerarazten dutena aspalditik dakite ikerlariek. 1950eko hamarkadan egin ziren lehen azterketak eta lortutako emaitzek bi eratako erreakzioak atzeman zituzten. Eiakulazioa atzeratzea lortu bazen ere, bigarren mailako ondorio kaltegarriak ere sortzen zutela frogatu zen. Besteak beste, antsietatea eta depresioa areagotu zirela diote garai hartako ikerketa-txostenek.
1984an Israelen egin ziren ikerketek bi substantziak nahasiz bigarren mailako eraginak saihestea lortu zuten. Eiakulazioa gerarazi eta orgasmo “lehorrak” lortu zituzten. Ikerlariek diotenez, prozesua era kontrolatuaz burutzea lortuz gero, aho-antisorgailuak merkaturatzea izango da hurrengo pausoa.