Arrazoi bat edo bestea dela medio, gizonentzako antisorgailuek ez dute lortzen saio klinikoak gainditu eta merkatura iristea. Aipatzekoa da, arrazoi horiek berak (gizentzeko joera, aknea, edo aldartearen gorabeherak) ez direla oztopo izan emakumeen kasuan. Orain, gizonei antisorgailu seguru bat, ez-hormonala, itzulgarria, eta nahi denean hartzeko modukoa eskaintzeko asmoz, konposatu berri bat probatu dute saguetan, eta emaitza onak izan dituzte.
Nature communications aldizkarian azaldu dutenez, TDI-11861 izena du konposatuak, eta adenilil ziklasa entzima tarte labur batez desgaitzea eragiten du. Hain zuzen, entzima hori ezinbestekoa da espermatozoideak hel daitezen eta gai izan daitezen emearen ugaltze-traktuan mugitzeko obulurantz.
Sagu arrekin egindako esperimentuan frogatu dute konposatua segurua eta eraginkorra dela. Emeekin jarri zituztenean, ez zuen sexu-jardueran eragin, eta eme bat bera ere ez zen ernari gelditu. Emeei esperma hartu zieten, eta baieztatu zuten ernaltzeko gaitasunik ez zeukala. Hiru ordu igaro zirenean, ordea, sagu arrak berriro ugalkorrak ziren.
Gizonetan probatzerako bide luzea du aurretik, baina, behintzat, lehen pausoa arrakastatsua izan da.
Elhuyarrek garatutako teknologia