Plakula izeneko izakia izan daiteke gizakien eta esponjen arbaso komuna, Hannovergo Albaitaritza Medikoaren Unibertsitateko zientzialari-talde baten esanean. Ondorioztatu dutenez, organismo horretatik gizakiek eta esponjek bakoitzak bere aldetik eboluzionatu zuten. Plakula organismoak zabalean milimetro batzuk besterik ez zuen, eta geruza likatsu baten itxura zuen. Haren ahaide gertukoena Trichoplax adhaerens plakozooa da.
Orain arte uste izan da animalia guztien arbaso komuna esponja-mota bat izan zela. Horregatik, Hannovergo Unibertsitateko zientzialariek aurkitu dutenak polemika handia eragin du. Izan ere, gizakiak eta esponjak zuhaitz filogenetikoan bi lerro ezberdinetan eboluzionatzeak ondorio batera eraman ditu ikertzaileak: nerbio-sistema lerro ebolutibo bakoitzean bere aldetik sortu zela.
Zientzialari batzuk teoriaren aurka agertu dira. Batzuen ustez, balizko bi lerro horietako animalien nerbio-sistemek antzekotasun molekular handiak dituzte. Horregatik diote sinestezina dela banaketa hori. Baina Hannovergo Bernd Schierwater ikertzaileak dio ez dela hain konplikatua nerbio-sistema birritan sortu izana. Haren ustez, plakulak jadanik bazituen nerbio-sistemaren oinarriak ezartzeko beharrezko gene guztiak, baina ez zuen horiek garatzeko premiarik izan.