Txakurraren genomaren lehenengo zirriborroa argitaratu eta ikertzaileen esku jarri du giza genoma ikertzen duen NHGRI erakundeak. Hain zuzen, argitaratutako genoma boxer batena da, Tasha-rena. Nonbait, 60 arrazaren artean boxerra aukeratu dute, boxerrak direlako euren artean desberdintasun genetiko gutxien dituztenetakoak.
Orain, txakurraren eta gizakiaren genomak alderatzen ari dira. Bien sekuentziek antzeko luzera dute, eta gizakietan ikertzeko zailak diren gaixotasun batzuk askoz ere arruntagoak dira zenbait txakur-arrazatan. Izan ere, gurutzaketen ondorioz, txakur-arraza batzuek erraz izaten dituzte minbizia, bihotzeko arazoak, gorreria, itsumena edota arazo autoimmuneak. Horretaz gain, txakurra asko erabiltzen da eredu gisa ikerketa farmazeutikoan eta portaerarekin lotutako ezaugarri genetikoak aztertzeko.
Txakurren gaitzak hobeto aztertzeko, markatzaileak identifikatu dituzte, ez bakarrik Tasharen genoman, baita beste bederatzi arrazatako txakurretan, lau otsotan eta koiote batean ere.