Gizakiaren jatorria argitu nahian

Melbourne-ko iparraldean aurkitutako eskeleto batetik ADN isolatzea lortu da. Eskeletoak 15.000 urte ditu, eta beraz, isolatzea lortu den giza ADNrik zaharrena da.

Canberra-n dagoen Australiako unibertsitate nazionaleko prehistori saileko Alain Thorne-k dioenez: Aurkikuntza honen bidez, australiarren jatorria argitzeko garatu diren teoria desberdinak baieztatu ahal izango dira.

Zientzilari batzuen arabera australiarren jatorria, orain dela 40.000-50.000 urte Indonesiatik iritsitako talde bat omen da. Beste batzuek (Thorne barne) diotenez, gaur egungo aborigeneek, Txinatik edo Asiako hegoekialdetik eta garai desberdinetan etorritako pertsona-multzoengan omen dute jatorria.

Gainera, Thornek beste ideia bat ere azpimarratzen du, hots, isolatutako ADNaren bidez gizakiaren jatorria ere argi daitekeela, alegia. Jakina da gizakiaren jatorriaren inguruan bi teoria nagusi daudela. Baten arabera Afrika izan zen gizakia sortu zeneko lekua eta bestearen arabera, Afrikan, Asian eta Europan aldi berean sortu omen zen.

Thornerekin batera Tom Loy-k eta beste zientzilari batzuk lanean ari dira. Tom Loy-k ikertutako teknika baten bidez ADN mitokondrialaren zati txiki batzuk atera dira eskeletoko garezurretik eta ondoren ADN katea anplifikatu egin da.

Hurrengo urratsa ADN katea sekuentziatu eta beste giza ADNekin alderatzea izango da. Beraz, ikerketa hauen berri laster izango dugulakoan gaude.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila