Gizakia Afrikatik atera zenekoa

Gizakia Afrikatik atera zenekoa
2007/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: L. Betti-Nash)

Gizaki modernoa Afrikan garatu zela argi dago, baina noiz atera zen handik? Batzuek uste dute aspaldi gertatu zela, duela ehun mila urte, eta beste batzuek ez hain aspaldi, duela berrogeita hamar mila urte. Garaia zehazki jakitea zaila izango da, baina ikerketa batek erakutsi du ez zela oso aspaldi izan.

Ikerketarako argibideak Hofmeyr-en, Hegoafrikan, aspaldi aurkitutako garezur baten datazioak eman ditu. Datazioa ez dute zuzenean egin hezurrean, zeharka baizik; garezurraren barrualdean zeukan materiala datatu dute. Duela 36.000 urte itsatsi omen zitzaion material hori garezurrari; beraz, garezurra garai hartakoa da, gutxi gorabehera.

Bestalde, gizakia Afrikatik atera zenean (talde batzuk aterako ziren, eta beste batzuk han geratu), Afrikako gizakia eta Afrikatik kanpokoa oso antzekoak izango ziren morfologikoki. Bada, Hofmeyr-eko garezurraren morfologiari ere erreparatu diote: garai bertsuan Europan eta Asian bizi izan ziren gizakien garezurraren oso antzekoa omen da.

Beste Neanderthal-Sapiens hibrido bat

Gizakia Afrikatik atera zeneko garaia ez da eztabaida bakarra. Antropologoak ez dira ados jartzen erabakitzeko gizaki modernoa Neanderthalgoarekin gurutzatu zen.

Bada, aldeko iritzia duen talde batek iragarri du gurutzaketaren beste froga bat aurkitu dutela. Ikerketa horretan ere garezurrak izan dituzte aztergai. Errumaniako koba batean aurkitutako garezur bat (duela berrogei bat mila urtekoa) gaur egungo gizakiarenarekin alderatu dute; eta garezurra funtsean gizaki moderno batena omen da, baina Neanderthalgo gizakiarenak izan litezkeen hainbat ezaugarri omen ditu.

1
229
2007
3
004
Giza zientziak
Berriak labur
5
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila