Giza zelulekin biolaserra egitea lortu dute

Giza zelulekin biolaserra egitea lortu dute
2011/07/01 | Elhuyar

Laserra asmatu zutenetik 50 urte igaro ondoren, material biologikoa erabilita laser bat egitea lortu dute lehen aldiz. Harvard Medikuntza Fakultateko fisikariek eman dute pauso hori, eta Nature Photonics aldizkari espezializatuan argitaratu dute lana.

Fisikarien esanean, laserra argi anplifikatua da, kolore bakarrekoa eta koherentea, eta hori lortzeko bi gauza behar dira: kanpoko iturri batetik datorren argia anplifikatzen duen material bat, eta ispilu- antolaketa jakin bat, argia kontzentratzeko eta izpi trinko bat osatzeko.

Argia anplifikatzeko, era askotako materialak erabili dituzte orain arte; batzuk solidoak, beste batzuk likidoak, eta baita gasak ere, baina inoiz ez material biologikoak. Oraingoan, berriz, proteina bat erabili dute, proteina berde fluoreszentea (GFP), hain zuzen. Proteina hori oso ezaguna da, besteak beste, biologian, zelulen markatzaile gisa erabiltzen baita.

Ikertzaileek gizakiaren giltzurrun-zelula enbrionarioak genetikoki eraldatu dituzte, proteina berde fluoreszentea sortzeko. Gero zelula bakar bat jarri dute 20 mikrometroko zabalerako barrunbe batean, bi ispiluren artean, eta argi urdinaren pultsuak igorri dizkiote. Orduan, begi hutsez ikusteko moduko laser izpi bat igorri du zelulak. Gainera, zelulak ez du kalterik jasan prozesuan.

Ikerketa-arlo hori oraindik hastapenetan badago ere, ikertzaileak dagoeneko hasiak dira aplikazioak bilatzen, adibidez, terapian, bioteknologian, eta ordenagailuen eta pertsonen arteko interfazeetan.

1
277
2011
7
011
Fisika; Bioteknologia; Genetika
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila