Alemaniako Ach bailaran 1979an aurkitutako marfilezko taula bat datatu dute arkeologo aleman batzuek; taula horrek gizaki baten irudia du zizelkatuta alde batean, eta zulo-ilara bat bestean.
Karbono-14 isotopoaren probaren arabera, taulak 32.500 urte ditu gutxienez, eta, beraz, ezagutzen den giza irudirik zaharrena da. Irudia mamut baten hortz-zati batean zizelkatu zuten Cro-Magnon gizakiek, Neanderthal gizakiarekin batera Europan bizi ziren garaian. Beraz, Goi Paleolitoaren hasierako aurignaciar kulturari dagokio.
Taulan ikusten den irudiak zein esanahi duen ez dago garbi. Batzuen ustez, Orion konstelazioaren lehenengoetako irudikapena da, baina beste hainbat interpretazio ere proposatu dituzte arkeologoek. Jainkoren bat edo erdia gizaki erdia katua den izaki magiko bat ere izan liteke.
Taulan, irudiaren beste aldean dagoen zulo-ilara egutegi bat izan zitekeela ere proposatu dute.