Bereizmen nanometrikoarekin eta sinaptikoarekin egin den giza garunaren 3Dko eredu handiena egin dute Harvard Unibertsitateko eta Googleko ikertzaileek. Garunaren milimetro kubiko bat da, arroz-ale baten tamainakoa, gutxi gorabehera; eta asko ez dirudien arren, 57.000 zelula eta 150 milioi sinapsi ditu. Eta datutan, guztira, 1.400 terabyte dira.
Kortex tenporaleko lagin batetik abiatuta, mikroskopia elektronikoko irudiak eta adimen artifizialeko algoritmoak erabiliz lortu dute eredua. Xehetasunez erakusten ditu garun-zati horretako zelula ia guztiak eta haien konexio neuronalen sarea, lotura sinaptiko guztiak ikusteko moduko bereizmenarekin.
Orain arte inoiz ikusi gabeko egiturak aurkitu dituzte eredu honetan, hala nola 50 sinapsiz konektatutako axoi-multzoak. Lagina epilepsia duen gaixo batena zen, eta ikertzaileak ez daude ziur egitura horiek patologikoak diren edo, besterik gabe, ezohikoak.
Hain zuzen ere, honelako mapak garuna eta garuneko gaixotasunak ikertzeko eta hobeto ezagutzeko aukera emango dutela uste dute ikertzaileek. Informazio guztia eta garatu dituzten tresna batzuk eskuragarri jarri dituzte, beste ikertzaile batzuek datu-multzo handi hori ustiatu ahal izan dezaten.
Elhuyarrek garatutako teknologia