AEBko ikertzaile-talde baten arabera, litekeena da adimen kolektiboaren garapenaren ondorioz txikitu izana giza garuna eboluzioan. Txikitze hori, gainera, duela 3.000 urte inguru nabarmenagoa bilakatu zelakoan daude, eta, agian, oraindik ez da bukatu. Hipotesi hori probatzeko, inurrietan oinarritu dira, inurri-espezie asko baitaude, eta neurri eta konplexutasun desberdinetako komunitateak osatzen dituzte. Frontiers in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak eta ondorioak.
Ikertzaile-taldeak biologo ebolutiboak, antropologoak, neurozientzialariak eta antropologoak biltzen ditu, besteak beste. Azaldu dutenez, Homo-en garuna lau aldiz handiagoa da txinpantzeekin zuen arbaso komunetik bereizi zenetik hona. Hazkundea ez da jarraitua ez unibertsala izan, baina,erregistro fosilaren arabera, handitzen joan da, Pleistozenoaren amaierara arte. Adituak ez datoz bat noiz hasi zen txikitzen, Pleistozenoaren amaieran (35.000 urte inguru) ala Holozenoan (10.000 urte inguru), baina txikitzea nabarmenagoa da duela 3.000 urtetik gaur egunera.
Hainbat arrazoi eman izan dituzte txikitzea azaltzeko, hala nola gorputzaren masa galtzea, dieta aldatzea edo auto-etxekotzea. Alabaina, ikerketaren egileen ustez, arrazoi nagusia soziokulturala da: gizarte konplexuetan, adimen kolektiboa handia da, eta norbanakoek ez dute hain garun handia behar.
Inurrietan hala gertatzen dela baieztatu dute, eta, alderdi askotan gizakiak eta inurriak espezie erabat desberdinak direla onartu arren, adimen kolektiboaren garrantzian eta eraginean pareka daitezkeelakoan daude, eta uste dute etorkizuneko ikerketetarako abiapuntu baliagarria izan daitekeela.
Elhuyarrek garatutako teknologia