Giza zelula ametan oinarrita, garun txikien antzeko egiturak (organoideak) sortu eta funtzional mantentzea lortu dute Salk Institutuko (AEB) ikertzaileek. Zaila da organoideak in vitro bizirik mantentzea –hala geratu zen agerian duela bost urte lehenengo aldiz giza minigarunak sortu zituztenean–, hortaz, saguetan transplantatu dituzte, baskularizazioa garatu eta mantenugaiak eta oxigenoa eskura ditzaten. Arrakastatsua izan da esperimentua: 14 egunetan organoideek odol-basoen sare konplexua garatua zuten jada, eta beren neuronek saguen garunarekin konexioak sortu zituzten.
Guztira, 233 egun eman dituzte bizirik. Organoideak diferentziatzen eta heltzen joan dira hilabete horietan guztietan. Hildakoan, giza garunaren egitura eta heldutasun zelularra jaioberri batenak ziren.
Lehenengo aldia da giza garun organoideak beste espezie batean txertatzen direna, eta kezka etikoak ere ekarri ditu: saguen adimena aldatuko al da? Are gehiago, giza kontzientzia beste animalietan ezartzerik badago? Galdera asko eta erantzun gutxi, oraingoz. Salk Institutuan egindako transplantean saguek ez dute gaitasun berezirik erakutsi, Nature Biotechnology aldizkarian argitaratu dutenez. Ez dago argi zer gertatuko zen sagu helduetan egin beharrean sagu jaioberritan transplantatu izan balira.
Zalantzak zalantza, giza garun organoideak saguetan garatzeak asko erraztu dezake garunaren modelizazioak egin eta gaitzak aztertzea. Are gehiago, kalte neuronala duten pertsonen garunean giza neurona osasuntsuak transplantatzeko bidea ere erraztu lezake etorkizunean.
Elhuyarrek garatutako teknologia