Giza eboluzioaren beste pasarte bat argituta

Giza eboluzioaren beste pasarte bat argituta
2009/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: Science/AAAS)

Ardi jarri diote izena orain dela 4,4 milioi urte gaur egun Etiopiakoa den eremu batean aurkitutako eskeletoari. Science aldizkariaren ale berezi batean eman dute Ardipithecus ramidus espezieko banako horretan, eta horrekin batera aurkitutako beste hainbatetan, oinarrituta egindako ikerketaren berri.

Ez da gizakiaren aitzindari gisa proposatutako fosilik zaharrena, baina bai horien artean osoena. Hain zuzen, Ardiren garezurreko, masailezurreko, pelbiseko, eskuetako eta oinetako hezur-puskak aurkitu dituzte; denera, 125 zati. Horiek guztiek aukera eman diete jakiteko zer ezaugarri zituzten gerora gizakia eman zuen eboluzio-adarreko bizidunek garai hartan.

Bada, ikusi dutenez, ordurako gai ziren bi hankan ibiltzeko, gizakien antzera. Gaur egungo gizakiek ez bezala, ordea, oinetako behatz lodia gainerakoekiko elkarzut jar zezaketen. Hala, askoz errazago egingo zuten zuhaitzetan gora janari bila, lo egiteko edo harraparietatik ihes egiteko.

Orain arte, Lucy eskeletoa zen giza arbasoetan hobekien kontserbatuta zegoen eskeleto zaharrena. Ardik kendu dio orain postua, Lucy baino milioi bat urte zaharragoa baita.

1
259
2009
12
002
Eboluzioa; Genetika; Anatomia/Fisiologia
Albisteak
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila