Europa mendebaldeko giza aurpegirik zaharrena duen fosila aurkitu dute. Homo affinis erectus deitu diote (ezizenez, Pink), ez baitu bat egiten orain arte ezagutzen diren espezieekin, baina Homo erectus-aren gertukoa baita. Xehetasunak Nature aldizkarian argitaratu dituzte, eta giza eboluzioaren puzzlea osatzeko Atapuercako aztarnategiak duen garrantzia azpimarratu dute.
Hain zuzen ere, aurrretik ere aurkitu dituzte aztarnategi berean, beste maila batzuetan, ordura arteko fosilik zaharrenak zirenak: Homo antecessor, duela 900.000 urtekoa, eta duela 1,2 milioi urteko matrailezur bat. Hezur-zatia ez zen nahikoa jakiteko zer espezietakoa zen, baina argi zuten Homo zela. Oraingoa, hura baino 2,5 metro sakonago aurkitu dute; hortaz, badakite are zaharragoa dela.
Masailalbo-hezurraren eta matrailezurraren zati bat da aurkitutakoa. Azterketa fisiko-kimikoek eta anatomikoek erakutsi dutenez, aurpegiak H antecessor-enak baino itxura zakarragoa du, eta Homo erectus-enaren antza badu ere, ez da harena bezalakoa guztiz. Horrenbestez, oraindik ez dakite zein izango zen bere lekua historia ebolutiboan. Edonola ere, ikertzaileek aurreratu dute aztarnategian lanean jarraituko dutela, eta espero dutela etorkizunean izango dituztela datu gehiago, puzzlearen piezak ahokatzeko.
Elhuyarrek garatutako teknologia