Homo generoaren zuhaitz genealogikoak adar berri bat

Paleontologoek eta neontologoek ederki dakiten bezala, espezie berri bat aurkitzea ez da kontu erraza. Baina, izakia zenbat eta ugariago izan, bai aleetan, bai espezieetan, orduan eta errazago da izaki-mota horren espezie berri bat aurkitzea, eta alderantziz. Horregatik, intsektu-espezie berri bat aurkitzea, primate berri bat aurkitzea baino errazagoa da.

Behin espezie berri bat definituta, espezie horren eta espezie-ahaideen arteko harremana zehaztu ohi da, espezie berriak zein espezieetatik eboluzionatu duen jakiteko. Eboluzionatzeko modua linealtzat jo ohi da, hau da, espezie berriak sortzean jatorrizko espezieak desagertu zirela kontsideratu da. Azken hamarkadetan, ordea, ikerketa paleontologikoek erakutsi digute espezieen eboluzioa ez dela lineala, zuhaitz baten modukoa baizik. Horrela, jatorrizko espezie baten hainbat indibiduo eraldatu eta espezie berri bat sor dezakete beste indibiduo batzuek jatorrizko espeziea izaten segitzen duten bitartean. Ondorioz, jatorrizko espeziea eta alaba-espeziea garai berean bizi daitezke. Hau erraz onartu da espezie guztientzat, gizakiontzat izan ezik. Dena den, azken hamarkadako aurrerapenek argi utzi dute gizakion eboluzioa ere ez dela lineala izan, konplexua eta adarkatua baizik. Konplexutasun horren ondorio bat da gizakion hainbat espezie denbora berean bizi izatea.

Hasieran esandakoa kontuan hartuta, gizaki-espezie berri bat aurkitzea oso zaila dela esanda geratzen da. Horretarako aztarnategi aberats bat behar da, baita lan handia egitea ere. Eta horixe da, hain zuzen, Burgosko iparraldeko Atapuercako “Dolina Handiko” aztarnategiaren kasua. Gizakion hezurren aztarnategi hau, Europan zaharrena, laginetan aberatsa da eta bertan Behe Paleolitoko sei gizakiren hezurrak aurkitu dira dagoeneko. Gizaki hauen ezaugarri fisikoak oso bereziak izanik, ikertzaileok Homo antecessor espezie berria definitu dute. Afrikan, seguruenik, sortutako espezie hau duela 800.000 urte Iberiar Penintsularen iparraldean bizi izan zen. Aurkitutakoak indibiduo gazteen hezurrak dira eta beste animalia batzuen hezurrekin batera agertu dira aztarnategian. Hezurrok erakusten dutenez, norbaitek harrizko tresnen bidez haragia nahita kendu zuen. Posible da aztarnok gizaki batzuen janarien hondarrak izatea eta, ondorioz, iharduera kanibalen lekukoak gara.

Homo antecessor-ek aurpegia modernoa zuen oso, sudur fin eta luzea, baina kokotsa, kopeta eta burezurraren bolumena arras primitiboak dira. Beraz, gizaki primitibo eta modernoaren ezaugarriak batera erakusten ditu. Ezaugarrion arabera, H. antecessor H. ergaster-etik sortu zen eta bi adar berri eman zituen. Horrela, Homo antecessor batzuek Homo heidelbergensis-a eman zuten eboluzioz eta beste antecessor batzuek Afrikan sortu omen zuten gaur egungo Homo sapiens-a. Esan behar da, bestalde, Homo heidelbergensis-a duela 300.000 urte, Erdi Paleolitoan, alegia, Atapuercan ere bizi izan zela. Espezie honetako 32 gizakiren aztarnak aurkitu dira Europan adin horretako aberatsena den “Hezurren Leizean”.

Azkenik, H. heidelbergensis-ak eboluzioz duela 150.000 urte Homo neanderthalensis famatua eman zuen. Ondorioz, antecessor-en adar batetik sortutako Homo sapiens-a eta heidelbergensis-etik sortutako H. neardenthalensis-a denbora berean bizi izan ziren, bai eta norgehiagoka aritu ere eskualde bera okupatzen zutenean. Lehiaketa horren ondorioz ala beste arrazoi baten poderioz, H. neardenthalensis-a duela 28.000 urte suntsitu zen eta Homo sapiens-a bakarrik geratu zen. Bakartasun-egoera hau erabat atipikoa da, gizakion historian normalean hainbat espezie bizi izan baitira denbora-tarte berean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila