Giboiaren genoma deskodetzea eta analizatzea lagungarria izan da kromosomak nola antolatzen diren hobeto ezagutzeko. Izan ere, jakina zen giboien kromosomek oso azkar eboluzionatu dutela, eta berrantolaketa nabarmenak izan dituztela, baina ez zuten fenomeno horren azalpenik. Orain, genoma analizatuta, ohartu dira hain berrantolaketa nabarmenak giboietan bakarrik gertatzen direla, eta haiei zor dizkietela dituzten berezko ezaugarrietako batzuk.
Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Egileek gogorarazi dutenez, giboiak Hominidae familiakoak dira, gu geu edo gorilak bezala, baina, primateen zuhaitz genealogikoan, haien adarra Mundu Zaharreko tximinoak eta Hominidae familia banatzen diren lekuan dago. Horregatik da, ikertzaileen iritziz, hain interesgarria haien genoma deskodetzea. Lortu duten informazioa, adibidez, baliagarria da minbizia nola sortzen den ulertzeko.
Hain zuzen, kromosomen berrantolaketarekin erlazionatuta dago minbizia, kromosomak berrantolatzean ohikoa baita gene batzuk haustea eta gorabeherak gertatzea geneen erregulazioan. Giboien genoman, beste primateen genometan azaltzen ez den DNA-zati berezi bat dagoela ikusi dute (LAVA). Nonbait, zati hori elementu errepikakor bat da, eta kromosomen segregazioa eragiten du; horrek azalduko luke zergatik eboluzionatu duten hain azkar giboen kromosomek